Elena Irureta

Aktore zumaiarra, 1955ko uztailaren 30ean jaioa.

Lau hamarkada baino gehiago daramatza interpretazio-munduan.

Komedia maite du eta umoregile bikaina da, baina draman eta eremu euskaldunetatik kanpo ere ederki moldatzen dela erakutsi digu.

Telebistan, zineman eta antzerkian ikusi dugu.

Bere hasierak Txirri, Mirri eta Txiribitonekin eta ETBren esnatzearekin egin zuten bat.

Bera izan zen, Aizpea Goenagarekin batera, euskarazko lehen telesailaren sortzaile. ‘Hau da A.U.’ izeneko programa bitxi bat zen hura. Gorpuzten zuen Sagrario pertsonaiak argi utzi zuen ez zitzaiola talenturik falta.

Geroago etorriko ziren Eneko Olasagasti eta Carlos Zabalaren ‘Bi eta bat’ eta ‘Jaun ta jabe’ arrakastatsuak. Bi lan oso aipagarri Iruretaren ibilbide artistikoan.

Estatu-mailan ‘El comisario’-n egin zen ezagun, lehendik ere pantaila txikian bere presentziaz gozatzerik izan genuen arren. ‘Al salir de clase’-n adibidez.

Pantaila handiari dagokionez, Iciar Bollaínen ‘Hola, ¿estás sola?’ eta ‘Flores de otro mundo’ bezalako izenburuak datozkigu gogora. Euskal filmetatik bat azpimarratzekotan: ‘Aupa Etxebeste!’.

Bestalde, oholtza gainera eramandako lanetatik, ‘Ama, begira zazu’ obra da esanguratsuena.

Historia egin zuten euskal antzerkigintzan Kontxu Odriozolarekin idatzi zuen testu harekin (dibertigarria benetan).

Eta Elenaren paper dramatikoenetan… Bittori nagusi. ‘Patria’-ko protagonista alarguna. Ez dira gutxi honengatik jaso dituen sariak. Bai ongi mereziak. Forqué saria, Feroz saria, Platino saria…