Zientzia Kimikoetan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta doktorea UPV/EHUn. 1991tik erretiroa hartu zuen arte, 2016ko irailean, Kimika Fisikoko katedraduna izan da UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Kimika Fakultatean.
19 doktore-tesi zuzendu ditu eta 132 SCI artikulu argitaratu, guztiak polimeroen (plastikoen) zientzia eta aplikazioei buruzkoak. Gai berari buruzko bi libururen egilea ere bada. American Chemical Society eta Espainiako Kimikako Errege Elkarteko kidea da. Material Polimerikoen Institutuko sortzaileetako bat eta zuzendariordea izan da (1999-2013), Espainiako Kimikako Errege Elkarteko Polimeroen Talde Espezializatuko presidentea (1992-1996), UPV/EHUko Ikerketa Batzordeko kidea (1999-2002) eta Inasmet-eko Patronatuko kidea (gaur egun Tecnalia) (2006-2011).
Azken 15 urteetan, bere bizitza akademikoarekin batera, hainbat jarduera egin ditu zientzia-dibulgatzaile gisa, eta hitzaldiak eman ditu unibertsitateetan, erakundeetan, udako ikastaroetan, kultura-elkarteetan edo enpresaburuen elkarteetan. 2006tik ‘El Blog del Búho’ argitaratzen du, kimikaren dibulgazioari buruzkoa, eta ‘Naukas’ ekin kolaboratu du.