Txangoa: Ibai Eder urtegia & Menditxe museoa 2026/05/13
Joan den maiatzaren 13an, Kostan Elkarteko bazkideok natura, zientzia eta historia uztartu zituen egun zoragarri batez gozatu genuen.
Gure helmuga Ibai Ederko urtegia izan zen (Nuarbe – Azpeitia). Presan hasi genuen ibilbidea, urtegia gure ezkerretara utzita, 8 kilometro inguruko ibialdi lau, atsegin eta irisgarria osatzeko. Euri bideberri eta beldurti batek ere ez zuen lortu taldeak ikasteko eta gozatzeko zuen gogoa zapuztea.
Oraingoan, Inma Mugerza geologoaren azalpenak izateko luxua izan genuen. Gure lehen geldialdia zubi estalian izan zen, eta bertan Inmak uraren sekretuak argitu zizkigun:
Urtegira iristen den uraren kalitatea ibaiadarren ibilbidearen eta zeharkatzen duten arroka eta lur motaren mende dagoela azaldu zigun zuzenean.
Uraren konduktibitatea bertan eta zuzenean neurtzeko aukera ere izan genuen. Inmak ongi argitu zigunez: “Konduktibitatea neurtzeak ura zein osagaik osatzen duten adierazten digu, zer ibilbide egin duen, euritik edo airearen kondentsaziotik datorren eta, gainera, kontsumorako egokia den ala ez”.
Bere eskutik hausnarketa eder bat ere eraman genuen:
“Urak bizitzari nola aurre egin erakusten digu: errebeldea da beharrezkoa denean, iraunkorra da, beti aurkitzen du bidea, gardena da, zintzoa da eta beharrezkoa da; bizitzak ematen digu”.
Ibilaldiaren ostean, bazkaltzeko, atseden hartzeko eta indarrak berritzeko unea iritsi zen. Arratsaldean, Menditxe Museorantz abiatu ginen. Han, mendizaletasunaren historian zehar bidaia egin ahal izan genuen, eski, eskalada eta mendiko tresna eta material zaharren bilduma ikusgarri bati esker.
Gainera, esklusiba bat jaso genuen: datorren urrian eskalada-materialarekin soilik egindako Gernikaren erreplika bat erakutsiko dutela aurreratu ziguten. Itzuli egin beharko dugu!
Esperientzia berriz eta une onez betetako motxilarekin, etxerako itzulerari ekin genion.
Eskerrik asko guztioi parte hartzeagatik!
Argazki batzuk ikusteko, klik egin dezakezue “Galeriak”en.